XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KULTUR EKINTZAK. AGUSTIN XAHO PASTORALA

Pastorala, antzerki tradizionaltzat joko genituzkeen antzezpenak, Zuberoan bakarrik gorde dira.

Antzerki konbentzionalean aktoreak profesionalak badira, pastoreletan espektakulu herrikoiak diren aldetik, herri bakar bateko auzokideak dira aktoreak.

Pastoralen jatorria aurkitzeko Erdi Arora joan behar da, auto sakramentalak egiten zireneko garaira hain zuzen.

Pastoralek pertsonaia euskaldun eta ezagun baten (Pete Basaburu, Etxahun Barkoxe...) edo santu, enperadore edo konkistatzaileren baten bizitza eta gora-beherak izaten dituzte gai.

Antzezpenak bost edo zazpi ordu inguru irauten du, argumentua laburbiltzekotan esango genuke beti zintzo eta gaiztoen arteko borroka dela, baina azkenean beti zintzoak direla irabazle.

Pastoraletan partehartzen duen pertsonaien kopurua oso handia da, horregatik eta herri bateko auzokideak direlako gastu guztien kargu egiten direnak pastoralen muntaia oso garestia ateratzen da; azkenaldi honetan bi urtez behin bakarrik antolatzen dira Pastoralak.

Aurtengo udan URDIÑARBE, Zuberoa erdi erdian kokaturiko herri txikia, izango da tradizioaren jarraitzaile.

AGUSTIN XAHO pastorala antzeztuko da; obra hori Urdiñarbeko errementariak, Jean Michel Bedaxagarrek, idatzitako obra da.

Errejentearena Jean Baptiste Urrutyk egingo du, Etxahun-Iruriko maisuaren izpirituari jarraiki.

Obra UZTAILAREN 31an eta ABUZTUAREN 7an eta 8an antzeztuko da, baliteke udan ere Zuberoako beste herriren batean antzeztea.

11 urtetik 75 urtera bitarteko ehunen bat auzokidek (herriak 400 biztanle inguru ditu) partehartuko du zuzenean espektakuluan.

Eskenatokian hirurogeiren bat lagun bilduko dira gainerakoak jantziez, eskenatokiaren muntaiaz, doinuaz etabar arduratuko dira.